XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

; (...) kamioiaren atzekalderantza itzultzen da zigarroa biltzen duen artean; beste mutil ilebeltz eta zurbil bat dago han, mantaz estalia.

Mirenek ez du haien arteko solasa batere entelegatzen, alemaneraz, eta batzutan kuadro azpian galtzen diren letrak igurikatzen ditu.

Lehen mutila lurrean eseritzen da, eta bestea mintzo, bazegoen tinta berezi bat, idatzitakoa ezereztu eta lerro berberen gainean idazten zen, bere atzean mutiko bat ohetik jalgitzen den artean; errubioak zigarroa izekitzen du, mehategiko sarreraren aurrean; beltzarana mintzo da berriro, gogoetan ari nintzen beti, eta idatzi egiten nuen, amets erdian esnatzen nintzenean ere, errubioak fumatu eta entzuten duen artean, errepikazio bereziak, gertaerak, posibilitateak, lehen planoan mintzo da beltzarana, bizi egiten nituen gauzok, eta idatzi ere, zirkuluan idazten nuen halegia; errubioak adatsetan imintzen ditu bere adatsak.

Oin usaina, zigarro hondakinena, andere izerdiena, ukendu merkeena; edo garestiena auskalo.

Lixibarenak, usain xahutzaile eta min horrek, ez ditu gainerakoak ezabatu.

Pantailako istorio zuri beltza segituaz, kamioian doaz gizon biak, karreteran.

Kaleko polizia autoen zirenak aditzen ditu Mirenek, zalantzan egondu da une batez kalekoak ala filmekoak diren, baina laster ezagutu ditu, lehengoak, aidea ikararazten dutelako.

Gero, zinematik irtetzean, ez daki goruntz ala beheruntz abiatu; eta kalean gora doa.

Andere ezkondu bat, eginbide gabe karrikan.

Andere horrek imajinatzen du bere logela hutsik, imajinatzen du bere senarraren eta bere amaren arteko solasa, ez da horra joan?, telefonoz, non ote dago gure neskatxoa, non bilatu ez dakitela eta urduri.